IRITZIA: Beldurrak Gaindituz

Publicado el por Gorka Aurre (autor)

 (photo: )

Krisialdi guztiek aldaketen atari eta eragile izaten direnez, eurekin batera urduritasuna, egonezina, segurtasunik eza eta nolabaiteko anabasa ekarri ohi dituzte. Baina aldi berean etorkizuna, aukera berriak, berrikuntzarako aldia eta eraberritzea ere azaltzen dizkigute. Egungo krisialdi egoera honetan, une larria eta gorabeheratsua dela gogoan izanik, krisialdiak herritarrengan eta enpresengan ere sortu du goian aipatutakoez gain, lehenbailehen egokitasunez kudeatu beharreko egoera bat: beldurra.

Beldurra, gure gizartean izurritea bezala hedatu da. Erraz eta arin. Hasierei beldurra diegu, baita bukaerei ere. Ekintza berri baten hastapenean izaten diren egoera berriei aurre egiten jakin eta menderatuko ote ditugunaren beldur izaten gara. Aldatzeari beldurra diogu, aurrera egiten jakin ez egiteari beldurra diogu, porrotari ere beldurra diogu. Nahi baino gehiagotan gure bizitzan beldurra dugu nagusi.

Edonola ere, beldur izate hori ez da heziketa-arazoa baino. Beldurrari aurre egiteko ezintasuna ezin daiteke inola ere psikologia-arazo bezala, kasurik gehienetan behintzat, aintzat hartu. Beldurrari aurre egin behar zaio baina horretarako gure burua, pentsaera eta jarduerak erabat antzaldatu beharra dugu. Burua berrezi beharra dago, horretara beldurra arrakasta lortzeko eragozpen bezala baino gure bizitzako elementu bezala onartzen ikasiko baitugu.

Bakoitza norbere segurtasunik ezen morroipean bizi izatera bultzatu duen pentsamendua ahantzi beharrean dago. Gutariko bakoitzaren bizitza antzaldatzen duten prozesuak heziketaren eremuan kokatzen dira. Arriskuren bat geure egiten dugunean eta ezaguna ez dugun eremu batetan sartzean edota munduaren aurrean era berri batez azaltzen garenean, beldurraren sentipena azaleratzen zaigu. Sarritan beldur hori dugu gure bizitzan aurrera egin ez egiteko eragozpen nagusi eta funtsezkoa. Gakoa, beldurra gorabehera, gauzak egiten jardutean datza.

Sarritan esan ohi da “ikaslea gertu dagoenean baino ez dela maisua agertzen”. Itxaropenaren eta berrikuntzaren ikuspegitik egoerei aurrea hartu behar diegu, beldurra kudeatu eta gainditzen ikasiz, baina helburu hori lortzeko gure baitako azterketa sakona egitea ezinbesteko urratsa dugu. Norbanakoak duen beldur bakoitzaren sakonean, bizitzak dakarzkigun egoerei aurre ezin egin izateko beldurra da azaltzen dena. Ez besterik. Egoera horiek gainditzeko giltza bidean aurki ditzakegun edozein oztopori aurre egiteko erabateko gaitasuna dugunaz sinesmen hutsa izatean datza eta horretarako aurkez dakizkigun egoera guztiei aurre egiteko gure gaitasunarenganako konfiantza landu eta gehitzea dagokigu.

Bizitzan zeharreko ibilian aurrera egin ahala pertsona orok izan dezake zerbaitenganako beldurra. Beldurra ezin saihetsi daiteke. Beldurra gainditzeak ikara gutxiago sortzen du inpotentziaren sentipenetik etor dakigukeen beldur inkontzientearekin bizi izatea baino. Ekonomia-krisialdi honek gora besterik egiten ez duen egoera honetan, langabezia, gure izana berrezteko aukera paregabea izan daiteke. Langabezian egoteak sor dezaken beldurrak jota gelditzetik urrun, etorkizunera begira izan ditzakegun aukera berri guztiei buruzko hausnarketa sakona egitea dagokigu gure geroaren jabe izan nahi baldin badugu behintzat.

Aurrera jarraitze horretan geure ditugun emozioak [gertatzen zaizkigun gorabeheren errua inori leporatzea besteak beste] ukatu beharra dago. Egoera horretan ausartak izan beharra dago. Lanik gabe gelditzeak ohitura berriak ezartzea eskatzen du. Gure bizitzaren aginteaz jabetzea, gertatzen zaigun guztia apaltasunez onartzea eta norbere indarrengan erabateko sinesmena izatea dagokigu. Horrezaz gain baikortasuna landuz bizi izatea funtsezkoa dugu, bereziki kulturaz eta ekanduz ezkortasunari lotuta agertzen zaigun gure gizarte honetan baikortasunez bizi izatea ondo ikusita ez dagoen arren.

Une latzetan, beldurrak edota etorkizunera begira izango ote dugun egoera gorabeheratsuek kudeatzen jakingo ez ditugunak eraginda, gure erantzukizunei aurrez-aurre ez begiratzeko kexua izaten da nagusi. Baina kexuak ere saihestu egin behar ditugu, egoera gorriei aurre egin ahal izateko hil edo bizikoa baita kexatze-egoera horretatik irten eta aukera berriak arakatzeko sormenez jardutea.

Irakurle, gutako bakoitzak dagozkion erantzukizunak beregain hartzen ez dituen bakoitzean, nahigabe-egoeran kokatzen da, eta ondorioz, bere bizitzako beldurrei aurre egiteko izan dezakeen gaitasuna gutxitu edota murriztu besterik ez da egiten. Erantzukizuna nork bere gain hartzen jakiteak, gure egoerek aldatzeko erantzukizuna noiz eta non geure egin ez dugun jakitea dakar. Segurtasuna ez dago norberak izan dezakeen ondare edo edukietan, etorkizunaren gorabeherei aurre egiten jakingo diegunaren ziurtasunean baizik.

prakagorri@prakagorri.es