Tolosaldea Saretzen plataformak eskualdeko hiru proiektu estrategiko lagunduko ditu 2017 urtean

Publicado el por Jon Mutuberria (autor)

 (photo: )

Orotara 120.000 euro inbertituko dira, eskualdeko 28 udalek iaz jarritako funtsetik. Honekin, aukeratutako proiektuen %50a finantzatuko da. Eragile publiko eta pribatuen arteko elkarlanak fruituak eman dituela azpimarratu du Olatz Peon Ormazabal Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak

Tolosaldea Saretzen plataformak Tolosaldeko ongizatea eta bizikalitatea hobetzea du helburu eta horretarako eskualdearentzat estrategikoak diren proiektu berriak identifikatu, sustatu eta eztabaidatzeko espazioa sortu du.

Honen baitan, Tolosaldea Saretzenek Proiektu Estrategikoetarako Deialdia jarri zuen abian 2016an, Tolosaldeko garapenaren alde sortzen diren ideia eta proiektuak bilakatzea laguntzeko, eta eskualdeko 3 eragilek jaso dute laguntza euren proiektuak gauzatzeko:

1. Natura, kirola eta hezkuntza uztartzen dituen Zumardia elkartearen natur iguruko kirol eskaintza berritzailearen sustapena.

2. Bizibizikiren 2017ko Aktibatu Jardunaldiak. Natur turismoa eta iraunkortasunarekin lotutako gaiak jorratzen diren saioen 5. edizioa.

3. Lur Lan Baserritar Elkartearen Tolosako denda eta jatetxea handitzeko proiektua.

Tolosaldeko 28 udalek sortutako dirufuntsaren bitartez gauzatzen lagunduko dira proiektu hauek. Tolosaldea Saretzen plataformak kudeatzen du diru funtsa, Tolosaldea Garatzeneko Administrazio Kontseiluak ematen dio behin betiko onarpena. 2017an Tolosaldean proiektu estrategikoak garatzen laguntzeko diru funtsa onartu dute eskualdeko udalek Tolosaldea Garatzeneko Administrazio Kontseiluaren bitartez.

 

TOLOSALDEA SARETZEN EGITASMOA

Tolosaldea Saretzen egitasmoa, eskualdeko parte hartze sistema iraunkor eta integrala diseinatzeko prozesua 2012. urtean hasi zen lantzen eta forma hartzen. Sustatzaileek argi zuten Tolosaldea Saretzenek eskualdeko eragile sozial eta ekonomikoak tokiko garapenean inplikatu eta parte hartzera bultzatzeko balio behar zuela. Eta horrela, 2014ko azaroaren 19an Tolosaldea Saretzen Kontseilua osatu zen.

Tolosaldea Saretzen, eskualdeko eragile publiko eta pribatuz osatutako plataforma eta eztabaidagune partehartzailea da, Tolosaldeko garapen iraunkorraren alde sortzen diren ideia eta proiektu estrategikoak bilakatzen laguntzeko eta eskualdeko garapenaren alde bisio partekatua eraikitzeko.

Honako helburu nagusiak ditu:

• Tolosaldeko proiektu estrategiko baten sentimendua sortzea eta elikatzea.

• Norabide partekaturako baldintzak sortzea. Izaera anitzeko eragile desberdinak lankidetzan jarri eta kultura berritu baten oinarriak ipintzen joan.

• Eskualdeko garapenaren lehentasun estrategikoak finkatzea.

• Elkartrukerako gunea izatea; eragileen dibertsitatea proiektuak aberasteko baliagarri bilakatuz.

• Erronka estrategikoen gainean proposizioa emailea izatea.