2010ean eta 2011n: 850 euskal enpresa nazioartean zabaltzen hasi dira edo beren nazioartekotze prozesua hobetu dute Industria Sailari esker

Publicado el por N.B. / REDACCIÓN (autor)

 (photo: )

Azken bi urteotan 850 euskal enpresak nazioartekotze proiektuak abiarazi edo hobetu dituzte, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak SPRIren (Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea) bitartez ematen dituen laguntzei esker. Horrela beraz, %27ko hazkundea eman da (hots, 183 enpresa gehiago) aurreko bi urteekin (2008-09) alderatuta.

Zehazki, aurten SPRIko Nazioartekotzeko Zuzendaritzak 2010ean emandako laguntza kopurua berdindu du, hau da, 425 bat enpresa babestu ditu epealdi bakoitzean, nahiz eta oraindik aztertzeko dauden abendu honetako datuak. Hona hemen, labur- labur, SPRIk aurten nazioartekotze arloan egin duen lana: nazioartekotzeari buruzko 29 jardunaldi eta topaketa antolatu dira, Intergune Foroan 352 enpresak parte hartu dute, Invest in the Basque Country inbertsioak erakartzeko zerbitzua sendotu da eta lau bidaia instituzionaletan parte hartu da (Arabiar Emirerrietara, Errusiara eta Alemaniara).

Hala, 2010ean eta 2011n, Industria Sailak zuzenean kolaboratu du SPRIren bitartez 850 euskal enpresarekin, hainbat zerbitzu eskaini dizkielarik: merkatu analisiak egitea eta atzerriko merkatuan komertzialki sartzea (proiektuen %42); bidaia agendak finkatzea (%27,5); eta beste hainbat, hala nola ezarpen komertzial edota produktiboak egitea eta hornitzaileak edo aldi baterako kokalekuak bilatzea jomuga zehatz batean.

Hona hemen proiektuen sailkapena eremu geografikoka: %47 herrialde europarretan egin dira, %17 Latinoamerikan, %15 Asian, %12 Afrikan eta Ekialde Ertainean eta %9 NAFTA eremuan. Herrialdeka, Brasil da proiektu gehien jaso dituena, 37 hain zuzen. Atzetik jarraitzen diote Txinak (31), Poloniak (30), Txekiar Errepublikak eta Eslovakiak (24), Mexikok (22), Indiak (16) eta Errusiak eta Arabiar Emirerriek hamalauna proiekturekin.

Proiektuez gain, eta urteko balantzea oraindik ixteke badago ere, SPRIk aurten nazioartekotzeari buruzko 1.604 kontsulta argitu eta zerbitzu puntual eskaini ditu (merkatuei buruzko askotariko informazioa, kontaktuak eta gestioak beste herrialde batzuetako administrazio organoetan, etab.). Kopuru hori aurreko urtekoaren antzekoa da.

2011n nazioartekotzeari buruzko 29 ekitaldi antolatu dira (jardunaldiak, topaketak eta mintegiak) eta sektore desberdinetako euskal enpresetako 2.076 profesionalek parte hartu dute ekitaldi horietan. Hona hemen jorratu ziren gaiak: energia berriztagarriak Turkian, negozio aukerak Txilen, negozio eta inbertsio aukerak Parisko eskualdean, energia berriztagarriak Indian, aeronautikaren sektorea Errusian, Nazio Batuetako erosketa sistema, Andeetako Sustapen Korporazioa-Corporación Andina de Fomento, etab.

Intergune eta Invest in the Basque Country Arestian aipatutako guztiaz gain, SPRIko Nazioartekotzeko Zuzendaritzak bi zerbitzu "izar" dauzka orain. Bata "Intergune" Nazioartekotze Foroa da, urtero ospatzen dena eta jarduera ugari eskaintzen dituena, hala nola tailer-mintegiak, sektore mahaiak, herrialdeei buruzko hitzaldiak edota bertaratutako enpresen eta SPRIren nazioarteko sareko ordezkarien arteko bakarkako elkarrizketak. Eta bestea da inbertsioak erakartzeko Invest in the Basque Country bulegoa.

Hain zuzen ere aurten finkatu eta sendotu da Invest in the Basque Country bulegoa, zeinaren helburua baita atzerriko zuzeneko inbertsioa erakarriko duen politika ekonomiko aktiboa garatzea eta hemen instalatuta dauden atzerriko kapitaleko enpresei etengabeko arreta ematea, hau da, aftercare edo instalatu ondorengo zaintza egitea, hemen hedatu eta zabaldu daitezen.

Estrategia honek eman ditu jada lehen emaitza praktikoak, Cecype enpresa mexikarra Miñaoko Teknologi Parkean kokatuko baita. Konpainia horrek azterlan prekliniko eta klinikoak egiten ditu farmazia eta bioteknologia sektoreetako industriarentzat eta dagoeneko aktiboki kolaboratzen du Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko zentroekin. Datozen hiru urteetan 30 lanpostu sortuko dituela aurreikusten da.

Bestalde, Intergune foroan 352 enpresak parte hartu zuten eta 449 elkarrizketa egin ziren kanpo sareko kideekin (Brasil, Errusia, AEB eta Mexiko izan ziren arreta gehien erakarri zuten herrialdeak). Aipatzekoa da 53 parte-hartzaile izan zirela Euskal enpresak Alemaniako merkatuan mintegian, 44 aholkularitza eta zerbitzu aurreratuen nazioartekotzeari buruzko sektore mahaian eta ia 50 Errusiari, Indiari, Turkiari eta Marokori buruzko hitzaldietan.

www.spri.es