Tolosaldeko sagardotegien lehen topaketarekin bat ireki dute txotx denboraldia

Publicado el por Jon Mutuberria (autor)

 (photo: )

Milioi eta erdi litro sagardo ekoitzi da Tolosaldeko upategietan 2016 urteko uztan. Txalaka, Goikoetxe, Gezamiña, Urdin, Errezil… sagarren zukua 2017 urte hasiera honetan onduko da gure sagardotegietan. Lehenengo aldiz gauzatu da irekiera ekitaldia, Tolosa Gourmet klubaren barruan dauden zazpi sagardotegien topaketa baliatuz, Eguzkitza sagardotegian. Bertan Eguzkitza sagardotegiko Jon Zipriztiak, Olatz Peon Ormazabal Tolosako alkate eta Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak eta Idoya Otegui Topic-eko zuzendariak hartu dute hitza.

Tolosa Gourmet klubak, aurten 5 urte beteko ditu, Tolosaldean turismo enogastronomikoa sustatzeko bere helburuarekin lanean. Eta eskualde honen ardatz nagusienetako bat da sagardotegiena, pisu handia du sektoreak Tolosaldea Garatzeneko Lehendakariak adierazi duen eran: “sagardotegietako txotx garaiak behe denboraldian bisitariei eskaintza erakargarri bat eskaintzen die”. Tolosa Gourmet Klubaren baitan elkartu dira eskualdeko 7 sagardotegi, turismo enogastronomikoa erakarri eta garatzeko helburuarekin:

• Tolosako Eguzkitza eta Isastegi

• Albaltzisketako Zalbide sagardotegia

• Ikaztegietako Begiristain

• Lizartzako Goikoetxea

• Eta Adunako Aburuza eta Zabala

Olatz Peon Ormazabalen iritziz “7 sagardotegi, 7 Tolosaldeako esperientzia gastronomiko aukera ezberdin, bakoitza bere berezitasunekin”. Jon Zipriztiak, Eguzkitza sagardotegiko arduradunak, ekitaldia bera eta Tolosa Gourmeten baitan zazpi sagardotegien presentzia jarri du balioan.

Klimatologia medio, uzta kantitatean aurreko urteetakoa baino murritzagoa izan dela aipatu du alkateak, “baina kalitatean oso ona. Euskadiko sagardo produkzioaren %12 inguru Tolosaldeakoa da, guztira ia 1.500.000 litro”.

Euskal Sagardoa jatorri izendapendun eta Gorenak Kalitate ziurtagiriko sagardoak ditugula gaineratu du Olatzek: “sagardoaren alde egiten den lana ikaragarria da. Dudarik gabe, sektore eta erakundeen batasuna irudikatzen du, Tolosaldean sagardoarekiko dugun konpromisoa berresten dute”.

 

Turistikoki, urte oparoa

2016a turismo sektorearentzat urte benetan ona izan dela adierazi du Olatz Peon Ormazabalek: “%14 atzerritar gehiago izan ditugu; EAEko %27 bisitari gehiago; okupazio tasa 5 puntu igo da eta Topic Museoarentzat errekor urtea izan da, %130eko igoerarekin”. Idoya Oteguik, Topic-eko zuzendariak, bai garapen agentzia eta baita Tolosako Udala egiten ari diren esfortzua azaleratu du, eta agente ezberdinek osatzen dituzten lan mahaien lana goraipatu du.

Mariona Topic-eko txotxongiloak ireki du Txotx denboraldia.