1.500 gazte Eusko Jaurlaritzak sustatutako atzerriko 430 beketarako

Publicado el por E.J. / G.V (autor)

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak sustatutako nazioartekotzeko 430 Global Training  bekek interes handia piztu dute euskal gazteen artean, 1.500dik gora gazte aurkeztu baitira izen-emate epea itxi ondoren. Guztira, 3.000 eskaera baino gehiago jaso dira, batez beste bi eskaera interesatu bakoitzeko, zeren gazte horiek erakunde kolaboratzaile bat baino gehiagotara aurkez baitaitezke eskaerak tramitatzean.

Joan den astean egin zen ingeleseko proba eta aste honetan jakingo da nortzuek gainditu duten proba hori. Irailean banan-banako elkarrizketak egingo zaizkie merituengatik eta lortu duten notarengatik erakunde laguntzaileen zerrendetako postu onenetan dauden bekadunei.

Eusko Jaurlaritzak 7,3 milioi euro bideratu ditu Nazioartekotze Bekak proiekturako, eta horri gehitu behar zaizkio Kutxabank osatzen duten euskal aurrezki kutxen gizarte-ekintza ildoak jarri dituen 1,5 milioiak eta Donostiako Sustapena erakundeak emandako 300.000 euroak. Iragan maiatzean 100 nazioartekotze beka eman ziren Jaurlaritzaren programa tradizionalaren barruan (aurten Global Training erantsi zaio programa horri), baina beka horiek iaz 25 urte bete zituzten unibertsitateko lizentziatuentzat baino ez dira.

Laguntzek bi fase dituzte: lehenengoan onuradunek 40-60 ordu bitarteko prestakuntza ikastaro bat jasoko dute (bekaren aurretik) nazioartekotzeari buruzko gaiak lantzeko eta bigarren fasean 6-12 hilabete bitarteko egonaldi praktikoa egingo dute atzerriko enpresa edo organismo kolaboratzaile batean.

Nazioartekotze Beketan izandako esperientziak frogatu du atzerrian honelako praktikak egiten dituzten gazteek ia ziurtatuta dutela beren lan etorkizuna. Hain zuzen, hamar bekadunetik zortzik sei hilabete baino gutxiagoan aurkitzen dute lana.

Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren Nazioartekotzerako Beken Programan parte hartu duten 800 bekadunetik 500 inguru lanean ari dira gaur egun nazioartekotzearekin lotutako zereginetan.